Background image

Argitu zure zalantzak

Oñatiko Energia Komunitateari, autokontsumoari eta gure proiektuei buruz jakin behar duzun guztia.

Energia Komunitatea

Zer dira Energia Komunitateak?

Energia Berriztagarrien Komunitateak (EBK) garatu dituzten energia berriztagarriko proiektuetatik hurbil dauden bazkide edo kideek kontrolatutako entitate juridikoak dira. Parte-hartze irekian eta borondatezkoan oinarritzen dira, autonomoak dira eta beren kideek egiazki kontrolatzen dituzte. Bazkideak edo kideak pertsona fisikoak, ETEak edo tokiko erakundeak izan daitezke, udalak barne. Helburu nagusia da ingurumen-, ekonomia- edo gizarte-onurak ematea bazkideei edo tokiko komunitateari, irabazi finantzarioen ordez.

LABURBILTZEKO: Energia Komunitatea nortasun juridikoa duen entitate bat da. Ingurune hurbileko pertsonak eta erakundeak, publikoak zein pribatuak, elkartzen dira energiaren sektorearekin lotutako jarduera batean lankidetzan aritzeko asmoz, kideei edo tokiko komunitateari zerbitzuak edo bestelako onura sozioekonomiko eta ingurumenekoak emateko.

Zeintzuk dira EK baten berezitasunak?

HURBILTASUNA: Tokiko baliabideak, tokiko komunitatearentzat. Proiektuari begira ≠ autokontsumo partekatua (500m/2000m). Despopulazioari aurre egiteko aukera.

BURUJABETZA: Pertsonen ahalduntzea. Kontsumo jasangarria eta efizientzia. Fakturetan aurreztea.

FORMA JURIDIKO DEMOKRATIKOA: Irabazi-asmorik gabeko elkarteak eta kooperatibak. Parte-hartze anitza eta demokratikoa. Kontrol eraginkorra, interes ekonomikoak dituzten agenteen mendekotasunik gabe.

INKLUSIBOA: Pertsona kalteberen defentsa. Eragile aktiboak, aukeren sortzaileak. Lehendik dauden instalazioen aprobetxamendua.

Zein da EK-en lege-esparrua?

Europar Batasuneko bi zuzentarau:

- Herritarren Energia Komunitateak (HEK) (2019/06)

- Energia Berriztagarrien Komunitateak (EBK) (2018/12)

Sor daiteke komunitate bat udalaren parte-hartzerik gabe?

Teorian bai. Ez dago eragozpen juridikorik. Zuzentarauek udalak, enpresak eta norbanakoak aipatzen dituzte, baina bakoitzaren parte-hartzearen derrigortasunari buruz ezer esan gabe.

Beste kontu bat da gizartearen parte-hartze zabala izateak dakarren abantaila; herrian proiektuak eta zerbitzuak egingo direnean, udalarekin bat ez egitea ez da komenigarriena, baina ez da eragozpen bat ere.

Udalaren presentzia hainbat gaitan laguntza-iturri izan daiteke: ekonomikoa, finantzarioa, baliabideena, etab. Hori izan ezean, herritarren borondatezko lanarekin lortu beharko da, eta hori zailagoa da. Gainera, proiektuak udalaren jabetzakoak diren baliabideekin egin nahi baditugu (teilatuak, adibidez), are zailagoa izango da.

Baina egon daitezke kasuak non EBK mailan zerbait egiten hasten den udalaren hasierako babesik gabe. Imajinatu Goiener Sozial batetik abiatutako EBK bat, edo eraginkortasun energetikoa, kontratuen azterketa, etab., edo partikular-pribatu baten sorkuntza-proiektu bat (industria-poligono batean). Elementu horien inguruan, baldintzak betez gero, komunitatea lanean has daiteke. Ateak zabalik daude, baina ez luke inoren zain egon beharko.

Nola konbentzitu inguruko jendea (auzokideak, ezagunak…) EBK batean parte hartzeko? Ez dirudi hain erraza sortuko diren gastuei aurre egitea.

EBK batek arrakasta izan dezan, garrantzitsua da bertako kideek ikuspegi zabala izatea. Helburuei dagokienez, aurrezpen ekonomikotik haratago begiratu behar dute. Elkartzen direnek onura ekonomikoetan soilik pentsatzen badute, EBKren formulak ez du funtzionatuko. Ezinbestekoa da onura eta proiektu amankomunetan pentsatzea.

Lehenengo pausoa ideia jendaurrean ondo azaltzea da, helburu orokorraren aurkezpena egitea, zer lortu nahi den, dauden materialak erabiltzea edota horrelako prozesuetan laguntzen duten erakundeekin bat egitea. Elkartu gaituen lehen desio horretatik abiatuta, beste urrats batzuk eman ahal izango ditugu, besteak beste, proposamenaren bideragarritasunari dagozkionak.

Sor daitezkeen gastuek EBKak sortzen dituen diru-sarrerei lotuta egon beharko dute. Gastuak besterik ez baditugu, zaila izango da jendea komunitatea sortzeko konbentzitzea. Sorkuntza-prozesuetan, bideragarritasun ekonomiko eta finantzarioaren azterketa egin behar da. Zenbait komunitateren proposamena da aurrezpenen %X bat EBKaren hornidura-fakturak ordaintzeko erabiltzea. Diru-sarrerak bermatzeko beste modu bat da EBKak sustatutako proiektuetan sortzen den energiari prezio bat jartzea, parte-hartzaileek erabiltzen dutenaren arabera ordainduz. Kopuru hori sortzen diren gastuak ordaintzeko eta proiektu berriak abian jartzeko erabil daiteke. Gastuak daude, baina baita diru-sarrerak ere, komunitatearen izenean aktiboak sortzea, guztion onura sustatzea, etab.

Zein da EBK baten potentzia-muga?

Ez du potentzia mugarik. Herriaren burujabetza energetikoa lortutakoan, beste EBK batzuei burujabe izaten laguntzea ere posible izango da, besteen beharrak norberaren soberakinekin asetuz.

Udalak parte hartzen badu, instalazio fotovoltaikoa onura publikokoa izango da?

Entitate bat onura publikokotzat jotzeko ez da beharrezkoa udalak parte hartzea, eta udalak parte hartzeak ere ez du bermatzen onura publikokoa izatea. Bi urteko antzinatasuna duen irabazi-asmorik gabeko kooperatiba batek onura publikokotzat jotzeko prozesua has dezake. Proiektu batek, onura publikokoa izateko, bere udalerriko irizpideak hartu beharko ditu kontuan, herri batetik bestera alda daitezkeenak.

Eredu Juridikoa

Zein da egitura juridikoa?

Irabazi-asmorik gabeko kooperatiba integral eta mistoa. "Kooperatiba hainbat pertsonaren elkarketa autonomoa da, borondatez elkartu direnak beren behar eta nahi ekonomiko eta sozialak elkarrekin asetzeko, jabetza partekatua eta kudeaketa demokratikoa duen enpresa baten bidez".

Zein kooperatiba mota sortuko dugu?

INTEGRALA (zerbitzuak eta kontsumoa) eta MISTOA (bazkideak gehi inbertitzaileak).

Zein bazkide mota onartzen ditugu OEK-n?

Bazkide kontsumitzaileak, lan-bazkideak, bazkide laguntzaileak.

Zergatik da hobea kooperatiba eredua elkarte bat baino EBKentzat?

1. ATALA. ZERGATIK KOOPERATIBISMOA: Europako zuzentarauen irizpideetara primeran egokitzen den erakunde mota delako. Sortuko den erakundea konplexutasun maila ertain-altukoa izango delako, eta kooperatibak, beren balio, lege eta diseinuagatik, oso ondo moldatzen direlako horrelako egoeretara. Nahiz eta hasiera batean kooperatiba eredua konplexuegia iruditu, epe ertainera kooperatibek dituzten joko-arauek prozesuak, barne-bizitza eta harremanak errazten dituzte. Hasieratik tokiko erakunde publikoen parte-hartzea bermatzen duelako, inolako eragozpenik gabe. Bizimodu eta espiritu kooperatiboa bultzatzen duelako arlo askotan, ez bakarrik energia mailan. Kohesioa sustatuz, kooperatibek bultzatzen dituzten balioak herri mailan hedatzen dira. Bazkide motak eta komunitatean duten zeregina zehaztasun handiz definitzen dituelako. Bazkideen eskubideak, betebeharrak eta harremanetarako moduak zehaztera behartzen duelako. Kudeaketa-, gobernu- eta fiskalizazio-organoak finkatzen dituelako, baita horietako bakoitzaren eskumenak, funtzionamendua eta botere-banaketa argi eta garbi zehaztea ere. Erregimen ekonomikoari dagokionez, honako hauek ezartzen dira: ekarpenen baldintzak (bazkideek berreskura ditzakete), kuota motak, finantzaketa metodoak, irabaziak sortzen direnean jarraitu beharreko bideak, galerak eta funts sozialen sorrera eta funtzionamendua.

2. ATALA. ABANTAILAK ETA DESABANTAILAK KOOP-ELKARTEA: Boto-eskubidea eta gehiengoak kooperatibetan definituta daude, elkarteetan ez bezala, nahiz eta elkarteen estatutuetan berariaz definitu daitezkeen. Kapital soziala: kapital sozialarekiko desberdintasunak nabarmenak dira. Kooperatiban, itzultzen diren ekarpenak eta kuotak daude, eta elkartean, itzuli ezin diren kuotak soilik. Kooperatiban: bazkide motaren arabera eskubide desberdinak aitortzeko aukera ematen du. Enpresa handiak: garrantzitsua da bazkide motak, bakoitzaren eskubideak eta betebeharrak, eta erabakitzeko eskubideak zehaztea. Enpresa handien bazkidetza bideratu dezakegu, baina beti figura jakin batzuekin.

Proiektuak

Zer motatako proiektuak jar daitezke martxan?

- Autokontsumo partekatua (eguzki-panelak, eolikoak)

- Mugikortasun elektrikoa (auto elektrikoak kargatzeko egitura, bizikleta elektrikoa sustatu…)

- Aholkularitza

- Kontzientziazioa

Zeintzuk dira energia berriztagarriko proiektu baten faseak?

Aurre-fasea: Une honetan, hainbat alderdi hartu behar dira kontuan, hala nola kokapena. Funtsezkoa da energia berriztagarriei dagokienez. Ingurumen-mugak, konexioa, kokapenaren estatuko, autonomia-erkidegoko eta tokiko arauak eta bideragarritasun teknikoa ebaluatu behar dira. Baita izango duzun taldearen esperientzia eta gaitasun teknikoa ere.

Garapen-fasea: Fase honetan kudeatzen dira baimenak, lizentziak eta baimen administratiboak. Era berean, kudeaketarako baliabide ekonomikoak jartzeko finantza-gaitasun nahikoa duzula ziurtatu behar da. Behin betiko Ustiapenerako Administrazio Baimena 5 urte baino gutxiagoko epean lortzea eskatzen da...

Eraikuntza-fasea: Hainbat azpi-fasetan banatzen da: Diseinua, Exekuzioa eta Abian jartzea...

Operazio- eta ustiapen-fasea: Instalazioa ustiatzen den denbora-tartea da. Beste era batera esanda, energia ekoizten den eta planteatutako ingurumen-, ekonomia- eta gizarte-helburuak lortzen diren denbora da.

Desegite-fasea: Azken faseak instalazioa eraiki aurretik kokalekua jatorrizko egoerara itzultzea ekarriko luke. Ez da prozesu konplexu edo garestia.

Duela 10 urte instalazio fotovoltaiko ugari jarri ziren martxan eraikin berrietako teilatuetan, eta orain horietako asko ez dira erabiltzen. Nola jakin oraingoan gauza bera gertatuko ez dela?

Mantentze desegokiaren ondorioz geldirik egon daitezke, edo, bestela, jatorri fotovoltaikoko produkziora bideratutako primen testuinguruan gaizki egindako instalazioen ondorioz. Instalazio horiek sorkuntza sustatzeko laguntzak aprobetxatzeko egin ziren, eta ez zeuden autokontsumorako pentsatuta edo dimentsionatuta.

Bestalde, autokontsumorako instalazioek titularrarentzako monitorizazio-sistemak dituzte. Horrela, prebentziozko mantentze-lanak hobetzeaz gain, epe luzeko produkzio-arazoak edo etenaldiak saihesten dira. Instalazioek ondo irauteko bermerik onena jabe gisa haien mantentze-lanetan inplikatzea da, gure etxebizitzako edo komunitateko beste elementu bat balitz bezala.

Jakinik gure etxebizitzen kontsumoaren zati handi bat berogailuetara eta ur berora bideratzen dela, zergatik ez dira gehiago bultzatzen eguzki-instalazio termikoak? Desabantailarik dute fotovoltaikoekin alderatuta?

Eguzki-instalazio fotovoltaikoak ezin dira termikoekin alderatu. Fotovoltaikoak energia elektrikoa sortzeko dira; termikoak, berriz, ur beroarentzat (normalean osasun-erabilerarako), baina baita ur bero bidezko berokuntza-sistemetan erabiltzeko ere.

Instalazio termikoek mantentze-lan gehiago eskatzen dute elementu gehiago dituztelako integratuta, baina badute beren funtzioa. Gasaren erabilera alde batera uzteko irtenbide teknikoak badaude; kasu bakoitza desberdina da, eta banan-banan aztertu beharko litzateke irtenbide onena aukeratzeko. 2006ko kode teknikoaren arabera, derrigorrezkoa zen eguzki-instalazio termikoak jartzea ur bero sanitarioaren kontsumoaren %30 (gure zona klimatikoan) berriztagarria izan zedin. Instalazio horiek ez zuten harrera ona izan erabiltzaileen eta mantentze-enpresen aldetik. Gainera, KTE DB HEren 2013ko eguneratzeak ateak ireki zizkien osasun-erabilerarako ur beroko teknologia berriztagarriei. Hortik dator gaur egungo arrakasta falta, nahiz eta teknologia hobetu den eta instalazio erabat baliagarria den.

Hiri-mailako eolikoa aukera sendoa al da EBK baten barruan proiektuak garatzeko?

Ardatz bertikaleko eolikoen esperientziak badaude, baina ez asko. Europa mailan 12.000 kooperatiba energetiko baino gehiago daude; horietako batzuek arrakasta izan dute proiektu eolikoekin, baina hiri-mailakoekin, momentuz, ez dugu haien arrakastaren erreferentziarik. Ezagutzen diren kasuak kontsumo handiko eraikin batzuei eta, batez ere, landa-eremuko sareko instalazio isolatuei lotuta daude.

Mugikortasun-proiektu jasangarri bat egitean, zer abantaila ditu EBK batek?

Proiektu zabalago bat barne hartzea, herritar gehiagoren parte-hartzearekin eta beste proiektu batzuekin lotuz, sinergiak izateko aukerekin (autokontsumo partekatuak bateriekin edo gabe).

Autokontsumoa

Zer da autokontsumoa eta zer autokontsumo mota daude?

Elektrizitatearen autokontsumoa norbanakoek edo enpresek kontsumo-instalazioetatik hurbil eta haiei lotuta dauden ekoizpen-instalazioek sortutako energia kontsumitzen dutenean gertatzen da. Adibidez, panel fotovoltaikoak eta minigeneradore eolikoak.

Bi autokontsumo modalitate daude: soberakinik gabea eta soberakinekin. Soberakinik gabea da ekoizten duenak berak kontsumitzen duenean. Soberakinak konpentsatzeko autokontsumoa da kontsumitzaileak eta ekoizleak soberakinak konpentsatzeko mekanismo bati heltzea aukeratzen dutenean. Aukera hau baldintza guztiak betetzen direnean bakarrik izango da posible: Energia-iturri primarioa berriztagarria izatea. Ekoizpen-instalazioaren potentzia osoa 100 kW baino handiagoa ez izatea. Kontsumorako eta ekoizpenaren zerbitzu osagarrietarako hornidura-kontratu bakarra egotea enpresa komertzializatzaile batekin (beharrezkoa bada). Kontsumitzaileak eta ekoizle elkartuak soberakinak konpentsatzeko kontratu bat sinatu izana. Ekoizpen-instalazioak ordainsari-erregimen gehigarri edo espezifikorik ez izatea. Modalitate honen barruan, bi konexio mota daude, 244/2019 EDaren arabera: Barne-sareko hurbileko instalazioak eta Sarearen bidezko hurbileko instalazioak.

Zein da autokontsumorako instalazio baten konpentsazio-muga (potentzia)?

100 kW

Zein da autokontsumorako instalazio baten gehienezko distantzia sortutako energia kontsumitzeko?

- 500 m instalazioa lurrean badago

- 2000 m instalazioa teilatuetan badago

Ez dut ondo ulertzen autokontsumoaren prozesua. Nola neurtzen da? Zer konpentsatzen da?

Kontagailu bat dago kontsumitzen duguna (sartzen dena) eta sarera isurtzen duguna (irteten dena) neurtzen duena, orduz ordu. Merkaturatzaileak faktura jaulkitzen duenean, orduko kontsumo 'garbia' aplikatuko digu (kontsumoa - ekoizpena) eta soberakinarekin konpentsazioa kalkulatuko du. Konpentsazioarekin, gehienez, gure fakturaren kontsumoaren zatia (kargu eta bidesaririk gabe) 0 izatea lortuko dugu; hortik gorako soberakina merkaturatzaileak ez du konpentsatu beharrik.

Zer zailtasun egon daitezke autokontsumo partekatu bat abian jartzeko?

Oro har, erakundeen aldetik ez dago traba handirik, baina arazoak sor daitezke kudeaketa banatzaileengana iristean. Gainera, merkaturatzailearen arabera, kudeaketaren erritmoa azkarragoa edo motelagoa izan daiteke.

Kontuan hartu behar da autokontsumo kolektibo guztietan beharrezkoa dela banatzaileari sarbide- eta konexio-baimena eskatzea. Izan ere, ezinbestekoa da sorkuntza-kontagailu bat edukitzea produkzioa irakurtzeko eta energia modu birtualean banatzeko, kontsumitzaile guztien artean ezarritako banaketa-koefizienteen arabera. Horrela, instalazioaren datu teknikoak adieraziko dira, sarera sartzeko baimena lortu ahal izateko.

Eta konexio-punturako baimena lortu ondoren, Sarbiderako Kontratu Teknikoa (SKT) sinatu beharko da ekoizlearen eta banatzailearen artean. Prozesu honetan dokumentazio tekniko dezente prestatu behar da, eta prozesua bera etengabe moldatzen eta berritzen ari denez, arazo bat baino gehiago topa daitezke bidean: dokumentuak aurkeztu eta onartu arteko denborak gehiegi luzatzea teknikarien aldetik, dokumentu ezezagunak bete beharra, eskaeren plataforman arazo informatikoak gertatzea… Garrantzitsua da zabalik dauden espedienteen jarraipen hurbila egitea.

Fase hau amaitutakoan, kontsumitzaile bakoitzak bere merkaturatzailearekin kudeatu beharko du autokontsumoaren alta. Ondorioz, gure instalazioak modu eraginkorrean martxan jartzeko, adituen laguntza beharko dugu.

Autokontsumo partekatuan bizilagun guztiek parte hartu behar dute?

Ez dute guztiek parte hartu behar, baina hornidura-puntu komunak badaude (igogailua, argiteria…), instalazioa jarriko den eraikinaren jabeen gehiengo sinplearen baimena behar da. Kasu horretan, banaketa koefizientearen arabera egingo da, bizilagun bakoitzak hornidura-puntu komunari dagokion zatia ordainduz. Banaketa hori jabetza-portzentajea kalkulatuz egin beharko da.

Hornidura-puntu komunik ez badago, eraikinaren jabeen heren batek eman behar du baimena, eta kasu horretan, instalazioan parte hartuko dutenen artean erabakiko da ordainketaren banaketa nola egin. Logikoena banaketa-koefizienteen arabera egitea da.

Eraikinean lonjak edo dendak badaude, autokontsumo partekatuan sar daitezke?

Bai, dendak, lonjak eta bestelako lokalak autokontsumo partekatuaren barruan sar daitezke.

Energia Komunitatea eta Autokontsumoa

Autokontsumo partekatu bat EBK bat al da?

Hedabideetan agertzen diren albisteetan autokontsumo partekatuak energia-komunitate gisa aurkezten diren arren, azpimarratu behar da ez dela beharrezkoa erakunde juridikorik sortzea autokontsumo partekatuak egiteko, eta inork ez duela merkaturatzailez aldatu behar. Hainbat hornidura-puntuk beren artean autokontsumoa egin nahi badute, instalazioa non egin, tamaina definitu, koefizienteak erabaki eta inbertsioaren banaketa erabaki behar dute. Komeni da autokontsumo partekatuan sor daitezkeen gastuen (asegurua, mantentzea, koefizienteen birkalkulua, etab.) banaketa adostuta izatea (hobe idatziz), baina horretarako ez da beharrezkoa entitate juridiko bat sortzea. Goitik behera proposatutako energia-komunitate askotan (kasu gehienetan autokontsumo partekatuak dira) irabazi-asmorik gabeko elkarteak edo kooperatibak proposatzen dira, eta gehienetan, irabazi-asmoa duten enpresei lotzen zaizkie, hala nola merkaturatzaileari.

Eta autokontsumo partekatu bat? EBK batean integratzeko aukera legoke?

Gauzak moldatu beharko lirateke, baina formula desberdinak daude hori egiteko. Pertsonak ados badaude, beren arteko akordioak bilatu beharko lituzkete. Kontuan hartu behar da, gaur egun, Europako zuzentarauek hutsune batzuk dituztela energia-komunitateen aplikazioan. Argi dagoena da energia-komunitateak berak garatzen dituen instalazioen titularra izan behar duela; beraz, lehendik dauden instalazioetan, titulartasuna aldatzea komeni den eta egokia den baloratu beharko da.

Energia Kontsumoa Oñatin

Nola banatzen da energiaren kontsumoa Oñatin? (2019ko datuak)

- Etxebizitzak: %7 (gutxi gorabehera %50 elektrizitatea, %50 gasa)

- Industria: %68

- Zerbitzuak: %2

- Garraioa: %23

Nola banatzen da elektrizitatearen kontsumoa Oñatin? (2019ko datuak)

- Etxebizitzak: %12

- Industria: %86

- Zerbitzuak: %2

- Garraioa: %0

Oñatin kontsumitzen den energiatik, zenbat da elektrikoa eta zenbat ez-elektrikoa? (2019ko datuak)

- Elektrikoa: %27

- Ez-elektrikoa: %73

Oñatiko elektrizitate-kontsumotik, zenbat estaltzen da Olateko ur-jauziekin?

Gutxi gorabehera etxebizitzen kontsumoa estaltzen da (sortutako energia zuzenean Oñatin kontsumituko balitz).

Finantzaketa

Nola finantzatzen dira EBK baten proiektuak?

Hasierako kapitalari egin beharreko derrigorrezko ekarpena agian ez da nahikoa izango (gehienetan hala izango da) kooperatibaren proiektuak finantzatzeko. Kasu horretan, beste aukera batzuk bilatu beharko dira, besteak beste:

Proiektuen onuradun izango diren bazkideen kapital sozialerako borondatezko ekarpenak eskatzea. Arreta berezia jarri beharko da proiektuetako parte-hartzaileek dagokien zatia finantzatu dezaten, eta horrela, kooperatiba indartu egingo da etorkizuneko inbertsioetarako, baita kanpo-finantzaketako erakundeetarako ere (zenbat eta kapital sozial handiagoa, orduan eta finantza-baldintza hobeak lortuko dira).

Proiektuen onuradun ez diren bazkideen kapital sozialerako borondatezko ekarpenak.

Bazkide laguntzaileen kapital sozialerako borondatezko ekarpenak (udalak eta/edo enpresak).

Bazkide inbertitzaileen kapital sozialerako borondatezko ekarpenak (ezarritako interes-tasan).

Kanpoko finantza-erakundeak (Coop 57, Fiare Banca Ética…)

Zer nolako laguntza ematen dute erakunde publikoek?

Foru aldundi batzuk berariazko laguntzak ematen ari dira Energia Komunitateak eta/edo horien barruko proiektuak osatzen laguntzeko. Gobernu autonomikoek, era berean, energia berriztagarriak eta eraginkortasun energetikoa zabaltzeko laguntzak argitaratzen ari dira; kasu batzuetan, argi eta garbi lotuta daude energia-komunitateekin, balorazio-faktore gehigarri gisa.